Esta web utiliza cookies. Si sigues navegando, entendemos que aceptas estas condiciones de uso. OK | Más información

Albisteak

A multzorako txartela egongo da jokoan Txingudiren kontrakoan

Seniorrak (2021/04/14).

Bera Bera B-ren kontra Altamiran denboraldiko bigarren garaipena eskuratuta, Arrasate Errugbi Taldeko seniorrek liga txapelketako lehen faseko azken partidua jokatuko dute asteburu honetan.  Julen Barrutiak zuzentzen duen taldea etxean arituko da zapatuan, Txingudik bisitatuko baitu Mojategi.  Norgehiagoka, bere garaian Covid-19 kasuengatik atzeratutakoa, arratsaldeko 16:00etan hasiko da eta, bertan, talde zuri-moreak A multzorako txartela eskuratzea bilatuko du.

Ligaska honetako bederatzi jardunaldiak jokatuta, horien baitan Kanpanzar Arrasate/Ordiziak sei partidu jokatu ditu –Errioxa eta Txingudiren kontrakoak atzeratuta geratu ziren-, Barrutiaren mutilak une honetan zazpigarren sailkatuak dira 11 punturekin.  Arrasatek eta Ordiziak partekatutako taldeak bi garaipen eskuratu ditu orain arte, Atletiko San Sebastian/Hernani eta Bera Bera B-ren kontra Altamiran jokatutako partiduetan, hain justu ere.  

Barrutiaren mutilek asteburu honetan aurrean edukiko duten aurkariak hiru puntu gehiago ditu, eta laugarrena da sailkapenean.  Kanpanzar Arrasate/Ordiziak bezala, irundarrek ere sei partidu jokatu dituzte orain arte, horietatik hiru irabaziz.  Saraiko Izarraren zelaian amore eman behar izan zuen (25-5) estreinaldiko jardunaldian Txingudik, baina handik astebetera Atletiko San Sebastian/Hernani 31-12 mendean hartu zuen etxean.  Gernikatik ere esku hutsik irten ziren Irunekoak (46-12), eta Bera Bera B euren gotorlekuan 32-28 irabazteko gai izan ziren laugarren jardunaldian.  Orain direla 15 egun Durangori egin zioten bisita, eta bertan bizkaitarrak jaun eta jabe izan ziren 44-7ko emaitzarekin.  Iragan asteburuan, baina, garaipenaren bidera itzuli ziren Uni Bilbo mendean hartuta (10-7).

Honenbestez, orain arte ibilbide parekatua izan duten bi talde izango ditugu aurrez aurre Mojategin.  Etxekoek garaipena eskuratuz gero, Txingudi aurreratuko lukete sailkapenean, sailkapen faseari amaiera ezin hobea emanez.  Honenbestez, balio bikoitza izan dezakeen garaipena egongo da jokoan Mojategin zapatuan, denboraldiko bigarren zatian “A” edo “B” multzoan jokatzea egongo baita eskuragai.  Lehenengoan aurreneko lau sailkatuak izango dira nor baino nor, eta gainontzekoak bigarrenean.  Bigarren fasea apirilaren 18ko asteburuan jarriko da martxan eta, ondo bidean, uztaila hasierara arte luzatuko da.

ISEI BARBERO - Argazkiak: artxiboa

Babesleak